Ataria:
2012-05-16
9. SAIOA: HIZKUNTZEN EKOLOGIA ETA TELP
Asteazken honetan herrigintza gazteko saioan euskara izan dugu mintzagai.
Lehenik Amaia Antero-ren eskutik Hizkuntzen ekologiaren paradigma ezagutu genuen. Amaiak azaldu moduan, hizkuntza baten errealitate aztertzeko lau elementu kontuan hartu behar dira (hizkuntza, hiztuna, hizkuntza-komunitatea eta lurraldea) eta hizkuntzaren jarraipena bermatzeko elementu hauetako bakoitzak duen garrantzia azaldu zuen.
Behin hizkuntzarekiko hurbilpen sozial hau eginik, hiztunen motibazio ezberdinak aztertu genituen, Txepetx hizkuntzalariaren teoriak ezagutuz. Hiru faktore nagusi azpimarratu genituen (motibazioa, ezagutza eta erabilera) eta, horien arabera, topatu ditzakegun hiztun perfil ezberdinak
Abiapuntu horretatik, Jose Maria Sanchez Carrion “Txepetx” hizkuntzalariaren teoria azaldu zuen laburki, hizkuntza ikasteko dauden 3 faktore nagusiak (motibazioa, ezagutza eta erabilera) eta horien arabera egin daitezkeen hizkuntza ibilbideak eta sailkatu daitezkeen hiztun tipoak deskribatuz. Amaitzeko ideia bat argi ikusi genuen: aniztasun ekologikoa eta aniztasun kulturala bizitzaren bi atal inportante direla. Eta uniformizazio kultural prozesuak bizitzaren “pobrezia” dakarrela. Pobrezia kultural, sozial, ekologiko eta kolektiboa.
Ondoren, Nekane Goikoetxearekin, euskararen bilakaera aztertu genuen, azken hamarkadatan euskarak izan guen historia soziala, globalizazio eta denboraren abiaduratik hasi eta gure ingurunean betetzen duen espazioa aztertzeraino. Ondoren TELP (Taller d´Espai Lingüistic Personal) tailerren jorratzen den dinamika ezagutu genuen, euskararen erabilpena egunerokotasunean sustatzeko sorturiko tailerrak.
Egunerokotasunean bizi ditugun egoera ezberdinak aztertu genituen, eta gure hizkuntza jarrerak zeintzuk diren aztertu. Oso saio interesgarria izan da. Ondorio nahiko garbia atera dugu gainera, hizkuntza kontzientzia indartu beharra daukagu, erdarara errezegi jotzen baitugu, eta hori egiteko egunera normaletan garatu ditzakegun modu praktikoak aipatu genituen.
Oso gustura atera ginen guztiok saio honetatik, gaian sakontzeko gogoarekin.
2012-04-21/22 eta 2012-04-28/29
8. SAIOA: LAKABERA IRTEERA
Bi asteburu hauetan Lakabe herria bisitatu dugu. Nafarroako Aoiz eta Orbaizeta artean dago. Lakabera joateko bide motzena Itoiz urtegiak tapatu du eta beste bide bat hartu behar izan dugu. Lakabe, orain dela 30 urte okupatu eta berreraiki zuten. Gaur egun, 30 pertsona bizi dira eta horietatik 9 bat edo haurrak dira. Auzolanean eraiki dute herria eta herrian ere horrela funtzionatzen dute. Autogestioa da euren oinarria. “Ekoaldea” ere deitzen diote amalurra ahalik eta gehien errespetatuz bizi baitira.
Horrela bada, autogestiorako ondoko oinarriak dituzte:
- Ogia egin eta saltzen dute. Menditik ekarritako egurra erreaz berotzen duen labean egiten dute ogia eta inguruko okindegietan saltzen dute.
- Eskaintzen dituzten formazioak kobratzen dituzte.
- Jatekoa: nekazaritza eta abeltzantzatik lortzen dute. Baratza, behiak, txerriak, ardiak, oiloak eta ahuntzak dituzte.
Energia iturri alternatibo eta ekologikoak erabiltzen dituzte:
- Herriko argi indarra, eguzkiaren energia biltzen duten eguzki plaken bidez lortzen dute.
- Janaria eta etxeak beheko suarekin berotzen dituzte.
- Mendian badute zerra funtzio egiten duen makina handi bat eta menditik ekarritako egurra bertan mozten dute herriko etxetan erretzeko eta egur horrekin eraikinak egiteko.
- 5 kotxe daude Lakaben baina olio birziklatuarekin ibiltzen dira. Herriko jendeak kotxea behar badu, zerrenda batean jarri beharko du zenbat denborarako behar duen eta noiz itzuliko duen.
- Apenas sortzen dute zaborrik. Zabor organikoa abereen bazka izaten da edota konposta bihurtzen dute. Birziklatu beharrekoa birziklatzera eramaten dute.
Herritar guztientzat eta bertara iristen diren bisitarientzat etxe bat erabiltzen dute, herriko fonda balitz bezala. Beheko solairuan, sukalde bat eta bi jangela daude. Goiko solairuan, berriz, ekintza anitzak egiteko areto handi bat eta 25 bat pertsonek lo egiteko adina ohe daude, hainbat geletan banatuta. Lakabeko herritarrek, euren etxean gosaltzen eta afaltzen dute, bazkaldu, berriz, denek erabiltzen duten etxe horretan, bisitariekin batera.
Gu, Bagaraherrigintzagaztekoak bisitari moduan joan ginen. Kukutzan ibili ziren Bilbo inguruko batzuk ere han zebiltzan baita Kataluniako beste batzuk ere. Asteburu horretan 20 bat bisitari geuden.
Lakaben, eleaniztasuna eta kulturaniztasuna topatu dezakegu. Izan ere, alemaniarrak, greziarrak, euskaldunak, espainiarrak eta abar bertan bizi dira. Ez zitzaien batere arrotza egin gurekin finlandiar bat etortzea (Erasmus dela eta Arrasaten ikasten ari den ikasle bat ). Ohituta daude hainbat eta hainbat kultura eta hizkuntzako pertsonak Lakabe bisitatzea.
Egunero egoten da eguna edota astea antolatzeko bilerak. Tartean, astero, emozioen bilera ere egiten dute jakiteko herriko partaideak nola sentitzen diren, zein gatazkak dauden eta nola konpondu daitezkeen. Eurentzat emozioak lantzea garrantzitsua da komunitateko partaide guztien ongizatea bermatu ahal izateko eta gatazken aurrean konponbideak bilatu ahal izateko.
Goizero lanak banatzen dira eta lanen artean hauexek egon daitezke: ogia egitea, bazkaria edota afaria prestatzea, baratzako lanak egitea, mendiko bide bat garbitzea, oiloentzat artoa xehetzea, egurra moztea, etxe bat berreraikitzen bukatzea…Guk mendiko bide bat garbitu genuen. Asko eskertu zigun bertan bizi den Xabik. Berak bakarrik hori egin edo lauren artean egin aldea dago-eta. Gu, berriz, pozik geunden lan hori egin genuelako.
Haurren gurasoak dira haurrei eskola ematen dietenak. Gurasoek txandaka ematen dituzte klaseak. Bi eraikin daude. Batek zirko itxura du eta bestea egurrez egindako etxola bat da. Eraikinak kanpotik oso deigarriak dira eta barrutik bertan egoteko gogoa pizten duten horietakoak. Eraikin horiek haurrengan pentsatuta daude eginda. Eskolak, txoko desberdinez daude osatuta; geografia txokoa, plastika txokoa, kalkulu txokoa…Gurasoek jarraitzen duten hezkuntza ereduaren oinarria haurraren garapen osasuntsua lortzea da, atxikimendu segurua zutabe izanda eta haurren erritmoa errespetatuz. Piaget-en hezkuntza eraikitzailea bultzatzen dute. Inguruko herriko liburutegiekin harremanetan daude liburuak eta materiala elkartrukatzeko. Ondoko ereduen iturriak ere erabiltzen dituzte euren hezkuntza proiektua gauzatzeko eta osatzen joateko: www.bizitoki.org (Iparraldeko proiektua) , Iruñako tximeleta eskola, www.seeducansolos.wordpress.com (oinarriak, adibideak, erreferrentziak, baliabideak), www.paidelaenfamilia.com (gaiak, baliabideak…) , www.elviajerosuizo.com (materialak), www.dirayaoxpresion.es (heziketa sortzailea), ….
Urtean hiru aldiz Lakaben ate irekiak izeneko ekintza burutzen dute. Apirilean, ekainean eta urrian 3 astez jarraian euren moduan bizi zintezke, zure esku lanaren truke jatekoa eta lo egiteko lekua eskaintzen dizute. Asteburutan aldiz, bisitan joan daiteke bertara, betiere aldez aurretik eurekin harremanetan jarrita.
Autogestioan eta auzolanean oinarritutako bizitzeko modua posible dela konturatzeko balio izan zuen Lakabera egin genuen bisitak. Auzolanak komunitatearen ongizateaz gain bakoitzarena ere bermatzen duela erakutsi ziguten.
2012-04-03
7. SAIOA: GaraiON
Bagara-ko Herrigintza Gaztea formazio egitasmoak atzo, Bergarako gaztetxean, 7. Saioa burutu zuen.
Lehendabizi Bergarako gaztetxea ezagutu genuen bertoko kideen eskutik, patioan dagoen ortua, Txapa irrati librea, Angiolillo liburutegia, … Bergarako gaztetxeak antolatzen dituen ekimen ugariak azaldu zizkiguten eta aurrera begira dituzten ideia batzuk ezagutu genituen. Benetan lan politte ari dira egiten!!
Ondoren, GaraiOn-eko kideek zer nolako ekimena duten martxan azaldu zuten. Debagoienan sortu zen egitasmoa (Txatxilipurditik) eta, gaur egun, Ozaetan dauka kokalekua, Arabako lautadan. Naturarekin harremana, sormena, bizipen emozionalak eta harreman sozialak nola lantzen dituzten azaldu ziguten, bizi bizi, Amaia, Miren eta Uxua GaraiOn-eko lagunak.
Ozaetako dorrea nola eraberritu duten ikusi genuen, argazki ezberdinekin. Eta Maiatzean, eguzkia lagun dela, bertara joateko ideia bota genuen, hilabetero burutzen dituzten auzolanetan parte hartzera. Antolatu dituzten “enplegu tailerrak” ere azaldu zizkiguten, besteak beste “Lorezain artista” enplegu tailerra. Zein gai landu dituzten, nola, … eta pertsonalki nola bizi izan duten esperientzia hori, zer nolako bizipenak eta harremanak izan dituzten.
Eskoletako jangelatako duten programa ere azaldu ziguten, haurrek janariarekin duten harremana modu dibertigarrian nola garatzen duten. Herrigintza Gaztean landu dugun iraunkortasun ekologikoa eta soberania alimentarioaren ideiekin erabat bat egiten du GaraiOn-ek duen Goxarte programak. Elkarrekin ikasteko eta ekiteko aukera ederra.
Azkenik, haurrekin, agureekin eta bestelako kideekin garatzen dituzten aisialdi ekimenak ezagutu genituen. Argazki mordoa ikusi genituen, ekimen ezberdinak ezagutu ,… eta aurrera begira elkar gehiago ezagutzeko enbidoa bota. Ziur eutsiko diogula!!
2012-03-21
6.SAIOA: ARIZMENDIKO PROIEKTU PEDAGOGIKO BERRITZAILEA ETA TXATXILIPURDIREN BERRAMESTEN PROIEKTUA
Aste honetan bi saio izan ditugu. Goizean Arizmendi ikastolan egon gara, berton duten proiektu pedagogiko berria ezagutzen. 0-6 urteko haurrekin proiektu berria dute martxan eta bertoko Arantxa eta Rafael Cristobal psikiatrarekin ezagutu dugu proiektua. Proiektu honek irizpide inportanteak ditu oinarrian:
1.- Familia eta eskola elkar uztartu beharra haurraren heziketa prozesuan. Horrela, gurasoak eskolako funtzionamenduan txertatzen dira, guraso eta irakasleen arteko harremana garatuz, haurraren funtsezko erreferentziak baitira biak. Oso interesgarria izan da guraso, irakasle, haur triangelua nola planteatzen duten ezagutzea.
2.- Haurren erritmo naturalak errespetatzen dituzte. Rafaelek adierazi moduan, askotan umeei inposatu egiten dizkiogu gauzak. Goizean eskolara eraman, gela itxi batean sartu, … Haurren disziplinamendua bilatzen dugu etengabe, “inposizio” mekanismoak erabiliz. Horren aurrean, esperimentatzeko inguruneak sortu eta jakinmina garatzea bilatzen dute. Gose daukanari, ogi gogorra ere goxoa iruditzen omen zaio. Eta bazkaldu ostean txuleta ederra aterata ere ez du inork gogo onez jango. Horixe da Arizmendin bilatzen dena, ikasteko gosetik abiatu eta ez goserik ez dagoenean txuletak jatera derrigortu. Aspektu honetan euren esperientzia garbia da, umeak ez dira tuntunak, gauzak ondo egiten jakiteko irriki naturala dute, eta hortik abiatu beharra dago.
3.- Konfiantzaren pedagogia lantzen dutela ere adierazi digute, eta haurrek gauzak ondo egiteko baldintzak sortu behar direla eta egiten dituztenean errekonozitu. Horrela euren abileziak garatzen dituzte, euren potentzia eta autonomia pertsonala garatu, eta konfiantza eta auto-estima sanoa ere bai.
4.- Elkarrekintza da beste gakoa. Garapen pertsonala inteligentzia soziala da, elkar komunikatuz eta erlazionatuz garatzen da. Horregatik, ikastolako hormak kendu eta haurrak, bata bestearekin, libreki elkar harremantzeko aukera dute. Inteligentzia soziala elkarrekin garatzen dute. Horrela, desordenatua dirudien eskola hau, finean, ordenatua da, haurrek irakasle eta euren arteko “binkuloak” sortzen baitituzte, askatasunetik. Horrelaxe ikusi dugu goizean, haurrez beteta zegoen ikastolan, bata bestearekin nola zebiltzan, eta irakasleek euren lana nola burutzen zuten.
Finean, eskola instituzio moduan ulertzeko eta praktikatzeko moduan eraldaketa bat proposatzen du, betiere psikologia enpirikotik abiatuta. Haurren inteligentzia soziala, lankidetza jarrerak, eta autonomia pertsonala garatuz, norbere askatasun eta kuriosidadetik abiatuta. Oso gustura egon gara ikusten, eta bi urte dituen esperientzia honetan oraindik gauza asko hobetzerik badutela esan arren, egina duten bidea ez da xamurra. Zorionak gure lagunei!!
Arratsaldean, Txatxiipurdiko kideak etorri dira Bagarako egoitzara (Mireia Baz eta Mirari Arando), martxan jarri duten proiektua erakustera, Arrasateko ludoteken biziberritzearen inguruan. Hausnarketa baten ondoren, ohartu ziren ludoteken funtzionamendua aldatu beharra zegoela, haurren aisialdiak beste filosofia bat behar zuelako. Besteak beste, auzoari eman nahi diote lehentasuna, eta haurren iritzia kontuan hartu nahi izan dute, kalearen erabilera sustatzeko. Horrekin batera, naturarekiko harremana sustatu nahi dute ere.
Usaetxe Plazako ludotekan hasi dira proiektu berriarekin lanean. Urtebeteren bueltan, Usaetxe Plazako ludotekan haur pila bat bildu dira ludotekaren inguruan. Asanblea bidez, adin desberdineko haurrak bildu eta erabakiak hartzen dituzte ludotekako eta bertako plazan ekintzak antolatzeko.
Proiektuaren proba-faseak arrakasta izan duela esan digute Txatxilipurdikoek, eta ondo bidean, beste ludoteketara ere zabalduko dute poliki-poliki. Zorionak ere gure lagun Txatxilitarrei!!
2012-03-07
5.SAIOA: IRAUNKORTASUNAZ IÑIGO IÑURRATEGIREKIN
Herrigintza Gazteko bostgarren saioan Arrasateko Emakume Txokoan bildu gara 16 lagun. Saio honetara Iñigo Iñurrategi gonbidatu dugu. Iñigo Huheziko Lanki ikertegiko kidea da eta Bagaran ari da teknikari lanetan iraunkortasunaz jarduten ari den taldean.
Saioa hasi aurretik Emakume Txokoko arduradunak, Ametsek, Arrasateko Udaleko Berdintasun Sailetik kudeatzen den txokoa aurkeztu eta zein jarduera eta funtzio betetzen dituen azaldu digu, eta bide batez,
emakumeoi, bertan antolatzen diren ekintzetan parte hartzera gonbidatu gaitu.
Saioa hasi da erregai fosilekin bizi dugun egoera azalduz. Hau da, petrolioarekiko dugun depentzia ikusi eta gure garapen ereduak sortzen dituen kalte ekologikoak aztertu genuen, datu zientifikoak oinarri harturik. Arazo horren aurrean gizakiak lau fase pasatzen dituela azaldu zuen: lehenengo fasean arazoa ukatu egiten da; bigarrenean, egoera onartu eta sentsibilizatu egiten da, hirugarrenean aldaketatxoak egiten hasten da, eta laugarrenean erabateko eraldaketa emango litzateke. Iñigok aipatu zigun, Euskal Herrian oro har gizartea lehenengo bi fasetan aurkitzen dela.
Oso era bisualean aurkeztu zituen hemendik aurrera zein alternatiba har ditzakegun:
1- Teknofantasian bizitzea: arazoa ukatu egingo genuke eta teknologiak dena konponduko digula pentsatzea litzateke.
2-Alternatiba ekologikoekin ordezkatu energia fosilen gastua: kalkuluak egin genituen zenbat eoliko, eguzki plaka eta energia nuklear beharko litzatekeen, eta ez da erreala hortan pentsatzea.
3-Mad Max edo Road pelikuletan bezalako kolapso egoerara iritsi.
4- Energia-kontsumo beherakadan lan kolektiboa egin: hortan oinarritzen da Iñigok aurkeztu zuen Transition Towns filosofia, eta aipatu zigun, Bagaran ere filosofia hori barneratu eta hedatzearen lanean ari direla. Noski, lehenengo pausutik bigarrenerako jauzia eginez, jendearen sentsibilizazioan lan eginez.
Partehartzea oso handia eta oparoa izan zen saioan, eta amaierako denon hausnarketa izan zen era positibo eta eraikitzailean aurre egin behar diogula egoerari, txikitik hasi eta maila handian poliki-poliki eragiteko. Beraz, imaginazioa garatu dezagun!!
2012-02-22
4. SAIOA: HERRIGINTZA GAZTEAREN HURRENGO SAIOAK ADOSTEN
Bagararen bulegoan bildu ginen 12 kide, aurrerantzean jorratuko ditugun saioen gaiak adosteko asmoarekin.
Lehenago wiki orri bat ireki genuen, eta berton HG-ko 4 kidek euren proposamenak adierazi zituzten. Horiek kontutan hartuta, eta aurreko ikasturteko saioen esperientzia kontutan izanik, HGST-tik proposamen bat eraman genuen saiora, guztion artean ikusi eta osatzeko.
Batetik, aurreko ikasturtean eginiko saio bat txertatu genuen (hizkuntzen ekologia eta TELP tailerrak landu genituena), balorazio oso onak izan baitzituen. Bigarrenik, astean zehar wikian jasotako ekarpenak bildu eta zein gai izan diren proposatuenak azaldu genuen taldean, ia guztiok gai interesanteak diren adosten genuen. Azkenik, saio batzuk oraindik zehaztu gabe eraman genituen, berton erabakitzeko zein gai jorratu daitezkeen saio horietan. Helburua ez da egutegi erabat itxia zehaztea izan, baizik eta gai interesgarriak adostu eta horien arabera saioak prestatzen hastea.
Azkenean ondokoak jorratzea adostu genuen: hizkuntzen ekologia eta euskalduntasuna (TELP tailerra), iraunkortasuna, soberania alimentarioa eta kontsumo iraunkorra (esperientzia ezberdinak aipatu genituen: zeraingo komertziante txikiak, aramaioko kontsumo boltsak, iparraldeko moneta lokala, arrasateko azoka), hezkuntza eredu berritzaileak (Arizmendik duen proiektu berritzailea eta Txatxiliren proiektua aipatu genituen), etxebizitzaren gaia (autogestioaren bidetik alternatiba posibleak, sostrecivic, gaztetxeak), eta abertzaletasuna XXI mendean.
Txatxiliko kideek ekarpen propioak ekarri zituzten, besteak beste gazteak eta espazio sozialak aztertzea. Gaia interesgarria izan daitekeela uste genuen, eta hezkuntza eredu alternatiboen inguruko saioan Txatxili hausnartzen ari den proiektua azaltzea erabaki genuen. Bestalde, egoera eta krisi ekonomikoa ere saioa ezberdinetan kontutan izatea aipatu genuen.
Horrela, gai ezberdinak adostu genituen, datozen 8 saioetan garatzeko adina gai. Zailtasunak gai guztiak dauden saioetan kokatzea izango da.
Bestalde, irteerak egitea interesgarri izan daitekeela ere komentatu genuen, eta batik bat hiru aukera aipatu ziren: iparraldera (bertoko gazteak ezagutzeko), Lakabe (herri okupatura), eta bonberenea. Ziurrenik interesgarria izan daiteke hauek lantzea. Aurreko urteko esperientzia kontutan hartuta, lehen irteera lehenbaitlehen egitea interesgarri dela esan zen.
Azkenik, guk geuk ere gauza praktikoak egitea inportantea dela esan genuen, gutxienez proiektu praktiko bat edukitzea. Eingou-ko kideekin hitz egitea eta gai honi buelta batzuk ematea ere komeni dela.
Horrelaxe, saioa 9ak aldera amaitu genuen, zerbezatxo bat hartu, eta aurrera, etxeko lan mordoarekin!!
2012-01-26
2. SAIOA: ERREALITATEAREN AZTERKETA KRITIKOA GAZTE IKUSPUNTUTIK
Eskoriatzako Ibarraundi museoan bildu gara 20 lagun. Saioa hasteko ariketa bat burutu dugu. Errealitateko lau esparru ezberdin aukeratu (hezkuntza, aisialdia, lana, etxebizitza), taldetan banatu, eta talde bakoitzak esparru bat aztertu dugu. Kolorezko kartulinetan, esparru horietan garatzea gustatuko litzaigukeen baloreak idatzi ditugu. Adibidez, Aisialdia aztertu duen taldeak aipatu du “kontsumoan oinarritua ez dagoen (edo berrerabilgarria den) aisialdia gustatuko litzaiokeela, gustukoa eta librea, zabala (adina, kultura), kolektiboa dena, malgua, osasungarria, aktiboa, … Hezkuntza aztertu duen taldeak azpimarratu ditu generoen berdintasuna bermatzea, pertsonen garapena (kritikoa, partehartzailea, enpatikoa, soziala), naturarekiko errespetua eta ezagutza, mundura eta herrigintzara bideratua, …
Horrela, esparru bakoitzean jorratzea gustatuko litzaigukeen baloreak aztertu ditugu eta ondoren “rol playing” bat egin dugu. Talde bakoitzak antzezlan bat egin dugu, partaide bakoitzak “pertsonai bat” antzeztuz. Adibidez, aisialdiaren gaia aztertzeko “dirurik gabe dagoen ikaslea”, “iniziatibarik ez duena”, gazte sortzailea, … Horrela, egunerokotasunean suertatzen zaizkigun errealitateak aztertu ditugu, bakoitzaren jokamoldeak aztertu, aukera ezberdin posibleak ikusi, eta abar.
Saioa amaitzeko, esparru ezberdin hauetan ezagutzen dituzten alternatibak azaldu dizkigute EGK-ko kideak. Saioan bururatu zaigun ideia bat da ikasturtean zehar, ezagutzen ditugun esperientzia ezberdinen “katalogo” bat osatzen joan gaitezkeela. Alternatiba ezberdinak biltzen dituen “liburuxka” bat osatu, eta horiek gure errealitatean egikaritzeko aukerak aztertu.
Bukatzeko, Herrigintza Gazte-ko hurrengo saioan zein gai eta non jorratu erabaki genuen. Azkenik, saioa Antzuolan egitea erabaki genuen, eta aztertuko dugun gaia zaborraren “atez ateko” bilketa izango da.
2012-01-11
1.go SAIOA: HERRIGINTZA GAZTEAREN AURKEZPENA
Arratsaldeko zazpirak pasatxo hasi da 2012ko Herrigintza Gazteko lehenengo saioa. Eskoriatzako Ibarraundi Museoan elkartu gara makinatxo bat jende. Debagoienako herri denetatik hurbildu dira gazteak aurtengo hezkuntzaldira eta pozgarria izan da borobilean jarri eta hain jende desberdina ikustea.
Ionek ariketa proposatu du eta hari baten bitartez elkar ezagutu dugu. Haritzen joan garen heinean ezagutu ditugu bakoitzaren gustu eta ardurak: hezkuntzaren inguruko gazte pila, euskalduntasunaz ardura erakutsi duten beste hainbeste, autogestioan eta talde-izaeran sinisten dutenak… esan bezala, oso talde anitza eta interesgarria bildu da.
Ondoren Iraitzek eta Aitzolek azaldu dituzte zer diren Bagara eta Herrigintza Gaztea. Partaideek aitortuta, eskertu dute hain era argi eta laburrean jakitea zertan oinarritzen den Bagararen prozesua. Horrekin batera, pasa den urteko Herrigintza Gazteko partadaideek azaldu digute zertan oinarritu zen hezkuntzaldia, hortik abiatuta egingo da-eta aurtengo plangintza.
Dena den, aurtengo plangintzan berritasunik badago; ez dugula plangitza hertsirik edukiko, beraz, hurrengo saioko plana azaltzearekin batera, gazteak animatu ditugu beren ardura, gustu eta nahietan sakondu eta hezkuntzaldi saioak proposatzeko.
Herrigintza Gaztea martxan da! baina denboraz zaude animatu eta bertan parte hartzeko!
Urtarrilaren 25ean izango da datorren saioa, arratsaldeko 19:00etan, Eskoriatzako Ibarraundi museoan. Euskal Gaztediaren Kontseiluko (EGK) kideak gonbidatu ditugu gazteon gaur egungo problematika desberdinez hausnartu eta partekatzeko. Animatu eta parte hartu!!
2012/01/09
Badator Herrigintza Gaztearen 2. edizioa
Asteazken honetan, hilaren 11n, arratsaldeko 19.00etan Eskoriatzako Ibarraundi museoan Herrigintza Gaztearen 2. edizioaren aurkezpena egingo dugu.
Bi asteazkenean behin saio interesgarriak izango ditugu (gazteon problematika zein aukerak; Euskal Herrian dauden alternatiba interesgarriak; euskara eta euskalgintza mende berri honetan; parte-hartze esperientzia eta tresnak, ingurugiroa; autogestioa; munduko errealitateak, …) eta urtean pare bat asteburuko txango interesgarriak egingo ditugu (Bonberenea, Amaiur, Xiberua, …).
Gainera, bailara osoko gazteak ezagutzeko aukera paregabea izango dugu. Animatu beraz!
Izena emateko idatzi gazteak@bagara.net helbidera edota deitu 943 796848 telefono zenbakira.
Iaz egindakoaren berri izateko egin klik hemen

